OarsoIrriak, herriak sortu eta biziko duen aisialdiaren aldeko apustua egiten du. Sortutako ekimenak, modu herrikoi eta parte-hartzailean lantzen dira, auzolana uztartuz. Euskara, parekidetasuna, ingurugiroarekiko begirune, elkarkidetasuna… dira gure oinarriak. Aisialdiak inguruarekin duen erlazioa mimozhartzen da kontutan, garapen pertsonal zein kolektibo baten ikuspuntutik.
Lezoko Irrien Lagunok 2013 urteari amaiera emateko bi ekintza antolatu genituen. Ikasturte honetako proposamenen artean bi aukeratu genituen: Mendian hostoekin jolastu eta sukaldaritza tailerra egitea.
MENDI BUELTA XOXOLURRAN BARRENA
Abenduaren 27an mendi buelta egin genuen Jaizkibelen. Eguraldi ezin hobea eta giro aparta. Xoxolurrara joan ginen eta han hostoekin jolasten ibili ginen. Ederki pasa genuen. Hamaiketakoa egin eta berriz ere herrira buelta.
SUKALDARITZA TAILERRA
Abenduaren 29an, sukaldaritza tailerra antolatu genuen. Idoia Artolak pizza egiten erakutsi zigun. Oinarria egiteko osagaiak bertan zeuden eta norberak bere etxetik pizza osatzeko osagaiak eraman zituen. Pizza ederrak, benetan! Goxo goxoak! Irriz eta euskaraz egin genituelako izango da! Hemen duzue errezeta eta egun hartako irudiak jasotzen dituen bideoa.
300g. Irina
150g ura
35g. oliba olioa
15g. ogi legamia
5g. gatza
Irina eta gatza mahai gainean jarri eta sumendi bat egingo dugu. Sumendiaren barrura ura, olioa eta legamia botako dugu. Legamia desegin arte urarekin eta olioarekin ondo nahastu. Legamia desegitean, pixkanaka pixkanaka irinarekin nahasten joango gara. Ondo amasatu 2-3 minutuz (masak ez du eskuetan pegatu behar) eta plater baten gainean edo mahai gainean utziko dugu 20 bat minutuz legamiak eragina egin dezan. Ondoren ore edo masa hori zabalduko dugu pizza forma emanez eta azkenik nahi ditugun osagaiak botako dizkiogu.
Labean 10 minutuz edukiko dugu 180-200ºC tan.
Bideoa:
SUKALDARITZA TAILERRA: PIZZA