OarsoIrriak, herriak sortu eta biziko duen aisialdiaren aldeko apustua egiten du. Sortutako ekimenak, modu herrikoi eta parte-hartzailean lantzen dira, auzolana uztartuz. Euskara, parekidetasuna, ingurugiroarekiko begirune, elkarkidetasuna… dira gure oinarriak. Aisialdiak inguruarekin duen erlazioa mimozhartzen da kontutan, garapen pertsonal zein kolektibo baten ikuspuntutik.
Herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko hausnarketan gabiltza Irrien Lagunekoak, Euskal Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, haurrentzako egokiak diren herriak edo hiriak pentsatzeko.
Bide horretan, “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak antolatu ditugu eragileok, datorren maiatzaren 10 eta 11rako, Donostiako Kursaalen. Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izango dugu.
Izan ere, oraingo hiri ereduak haurren heziketan —sozializazioan, autonomian eta ongizatean— zer-nolako eragina duen hausnartuko dugu, eta haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izango duen bestelako herri eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatzeko.
Maila teorikoan, Francesco Tonucci pedagogo italiarra izango da gonbidatu berezia. Tonuccik —Frato goitizinez ezaguna den marrazkilariak— Haurren hiria proposamena gauzatu du Europan eta Amerikan.
Matrikula prezioak:
– Bi egunak: 70 €. Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek, eta Irrien Lagunak ekimeneko partaideek: 50 €
– Egun bakarra: 40 €. Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek, eta Irrien Lagunak ekimeneko partaideek: 30 €