OarsoIrriak, herriak sortu eta biziko duen aisialdiaren aldeko apustua egiten du. Sortutako ekimenak, modu herrikoi eta parte-hartzailean lantzen dira, auzolana uztartuz. Euskara, parekidetasuna, ingurugiroarekiko begirune, elkarkidetasuna… dira gure oinarriak. Aisialdiak inguruarekin duen erlazioa mimozhartzen da kontutan, garapen pertsonal zein kolektibo baten ikuspuntutik.
Irrien Lagunak Oarsoaldean
Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako
umeentzako aisia proiektu hezitzailearen egitasmoa
SORguneakikertegia
Eskoriatzan, 2012ko otsailaren 14an
Irrien Lagunak Oarsoaldean
Irrien Lagunak Oarsoaldean izenez batailatu dezakegun egitasmo honek umeentzako aisia proiektu hezitzaile euskaldun herritar eta parte hartzailea izateko xedea du, Herriko talde, eragile, herritar eta erakundeen arteko lankidetzatik garatuko da, behetik gorako norantzan, eta izaera parte-hartzailea eta inklusiboa izango du. Herri dinamika sendo eta iraunkor bat eratzea du helburu. Umeak, gazteak eta helduak integratu ditzakeen egitasmoa da, lehenak protagonista direla, eta gainontzekoak parte-hartzaile eta laguntzaile.
Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak Sorguneak Ikertegiak funtsezkotzat ematen dituen bost oinarri goitik behera betetzen ditu, eta horregatik herri eta eskualde mailako egitasmo eraginkor izateko potentzialitate handia du. Hona hemen bost oinarri horiek:
Euskaraz bizitzeko nahia birsortzeko egiteko garrantzitsua du euskal kulturak. Kultura da hizkuntzaren elikagai sinbolikoa, mamia, euskaldun izan eta euskaldun gisa bizitzeko elikadura sinboliko-emozionala ematen duena. komunitate eta hizkuntza baten partaide izatea indartzen duena.
Euskarazko kulturako ekimen askok etekin in-material gisa garrantzi handia dute eta horregatik zaindu eta babestu behar da, baita merkatu arauetatik ere. Balioa ez dago ematen duen dirutan, ematen duen balio sinbolikoan baizik, elikatzen duen komunitate zentzuan. Guretzat arras beharrezko diren ekimen in-material horiek lekuan lekuko dinamiketatik datoz ia gehienetan.
Tokian tokiko gizarte-eragileak eta tokian tokiko eragile publikoen indarrak norabide berean jarriz, herri eta auzoetako kulturgile kolektibo eta sortzaileen konexioa sustatzea komeni da. Gertuko gizarte-ehun horrek duen potentziala, biziberritzea beharrezko da. Nolabait, giza-sarea, komunitate-ehuna, eta gizarte ekimeneko erakundeen trama berebizikoagoa da, beste hizkuntza eta kultura nagusietan baino garrantzitsuagoa. Herri mailako kultur politikak lehentasunez elikatu behar du sare hori.
Euskarazko kultur produktuen hegemonia, eta eredu eta gune propioak babestea eta bultzatzea beharrezko da.
Beharrezko da transmisioa, sormena eta zaletasuna bultzatuko duten eskualde, herri eta tokian tokiko ekimenak eta taldeen balorizazioa bultzatzeko ekintzak antolatzea kultur eragile guztiei begira. Herria sortzaile batzuek eta kultur industria batzuek ekoizten duten ekoizpenaren kontsumitzaile moduan ulertuta soilik, euskararen kultura kolapsora doa.
Lau ezaugarri funtzional eta hiru printzipio:
1. Laborategi izaera: Proiektuaren ezaugarri izango da, hala beharrez, hein handi batean laborategi izatearena. Egitasmo berri eta bakar delako orain artean, eta herri eta komunitate batzuei berariaz begirakoa delako. Horregatik diogu laborategi izango dela, emandako urratsak, hartutako erabaki eta konpromisoak hurrengo urratsak bideratuko dituztelako, Egitasmoaren izatea eta diseinua egin ahala zehaztuko delako eta gorputz hartzen joango delako. Ez da aurrez diseinatu eta erabakitako egitasmo baten goitik beherako inplantazioa:
Behetik gora: herri ekimenetik abiatuta eta herri ekimenean oinarritutako egitasmoa da bete-betean.
Zehar-lerrotasuna: euskara, kultura, ongi izatea, haurtzaroa, gaztedia, gurasoak, helduak, aisia, hezkuntza, natura, herrigintza, saretzea, dinamizatzea… eta beste eremu eta kontzeptu batzuk zeharkatzen dituen egitasmoa da.
Modu horizontalean: taldeen bitartez parte hartzea bideratuz eta lan banaketa eta erabaki hartzeak praktika demokratikoetan eta berdintasunezkoetan oinarrituz, eraikitzen joan beharko duen egitasmoa izango da.
2. Genero berdintasuna: Parte hartzeak paritarioa behar du izan, genero ikuspuntutik, hainbat gizon eta hainbat emakume, berdintasun numerikoan. Baina ez hori bakarrik edota ez hori ezinbestez, hori adina garrantzitsu da genero rolek sortzen dituzten funtzionamendu desberdin eta desberdintzaileak kontuan izatea, eta horiei buelta eman eta benetako parte hartzea bultzatzeko formulak topatu behar dira, emakumeen kasuan eta baita umeen kasuan ere, dela batzordeetan, dela lan taldeetan dela antolakuntzan dela agerpenetan dela ezein lanetan. Agerpen publiko eta erdi-publikoetan emakume eta gizon paritatea ezinbesteko izan beharko du.
3. Herrien autonomia: Herrietako giza taldeei dagokienez: egitasmoa herri bakoitzaren araberakoa izango da, ze gogo, ze indar, ze iruditeri, ze behar, ze funtzio. Horren arabera bereizi izango da herri bakoitzean egingo dena, hala ere proiektua bat bera eta komunekoa da, nahiz herri bakoitzean aplikatu. Beraz autonomoa da herri bakoitzaren baitara.
4. Eskualde mailako koordinazioa: Baina aldi berean koordinatua joan behar duen egitasmoa da. Herrien arteko koordinazioa ezinbestekoa da, bai lan sisteman bai marko orokorraren aplikazioan. Nork bere bidea eginagatik guztien artean partekatua eta elkar elikatua behar duelako izan. Eskualdearen izaera indartzeko eta bertan identifikazio eta lan eremu bat sakontzeko baliagarri izan daiteke.
Egitasmoak hiru printzipio bete behar ditu ezinbestean, Irrien Lagunak eta herrietako kulturgintza ondo ezkon dadin, eta ez errepikapenik, ez ordezkapenik, ez kanpotik ezarritako ekimenik egon ez dadin, herrian herriko batzorde nagusiak onartu ez duenik. Hauexek dira bi printzipioak:
Dagoena ez ordezkatzearen printzipioa: Herrietan egon badagoen dinamika, ekimen, talde edo programarik ez da ordezkatuko. Ez da berririk sortuko. Herrian dauden baliabide, giza talde, egitasmo, ekimen, programa eta beste errespetatuko dira eta egitasmora gonbidatu eta eragile aktibo izateko aukera erabat irekia emango zaie, herriko eragileen esperientzia eta gogoa izango baitira egitasmo honen bermeetako bat.
Ez dagoena sortzeko aukeraren printzipioa: Herrian ekimen edo programa jakin bat ez balego, eta batzordeak hala deliberatuz gero, berria sortu ahal izango da.
Herrietako bestelako prozesuak kontutan hartzea eta ahal dela bateragarrri edo osagarri egitea: Herrian dauden beste prozesu eta egitasmoekin (direla kulturalak direla parte hartzekoak) uztartzeko bokazioa izatea printzipioz. Ikustea nola egin liteke elkarlana, nola erabili litekeen prozesu hau beste egitasmoen onurarako, eta alderantziz. Umeei zuzendua izangatik, herrigintza sarea egitea delako helburu nagusietako bat.
Metodologiaren garrantzia: ikerketa, ekintza eta parte hartzea
Ikerketa Ekintza Parte Hartzailea (IEPH) metodologia kritikoa da zientziaren ikuspegi tradizionalarekiko. Oinarrian zientziak goraipatzen dituen objektibotasun eta neutraltasunaren ondoan subjektibotasuna azalera araztea da IEPHk demokrazia parte-hartzailearen ezaugarri nagusienetako bat. Tresna gisa batez ere herritarrak eta politikariak eta teknikariak biltzen dituzten prozesu parte-hartzaileetan aplikatzen da. Honek guztiak parte hartzeari ezaugarri jakin batzuk eransten dizkio: parte hartzea prozesu bezala ulertzea, ikasketa prozesu eraldatzaile bezala ulertzea, gozamenerako tarte bezala ulertzea, jakintza eta iritzi guztiak maila berean onartzea eta adostasunak eta konfliktoak onartzen dituen prozesu bezala ulertzea. Marko honetan egingo dugu elkar lana.
Umeen parte hartze erreala, oinarrizko printzipio modura
Umeen parte hartzeak ezin du erretorikoa izan, erreala eta zintzotasunez onartutakoa baizik. Umeak ez dira egitasmo honen kontsumitzaile huts, ez dira gonbidatu. Horrela pentsatuko bagenu, egitasmoaren oinarri filosofikoetako bat urratuko genuke: hain zuzen, euskarazko kulturaren eta herrigintzaren etorkizuna ziurtatzeko, herria kontsumitzaile baino herria sortzaile eta parte hartzaile izan behar duela dioena.
Zer esan nahi du umeak protagonista izango direla? Bai, umeei zuzenduriko programazio bat izango dela, horrek ez ditu baztertzen ez helduak ez gazteak programazio horien gozamenetik eta kontsumotik, eta are gutxiago programazio horien antolaketatik. Baina, bestalde, programazio horien diseinu, antolaketa eta eztabaida eta erabaki guneetan umeek egon egon behar dutela, gainontzekoen berdintasun planoan.
Helburu orokor, helburu zehatz, epe ertaineko eta luze
Irrien Lagunak aisia egitasmo hezitzailea den heinean bost esparru hartzen ditu kontuan: natura, kultura, zientzia, osasuna eta elkartasuna. Eta horietan eragiteko xedea du, eta horrenbestez eremu horietako guztietako eragileak (herrigintza, erakunde eta udaletakoak) erakarri eta lanean jartzekoa.
Honenbestez argi ikusten da prozesuak duen garrantzia egitasmo honetan, eta zeinen kontutan hartzekoa den zer, nola, nork eta noiz egiten den. Galderak asko dira: planteamenduari dagozkionak (zergatik? zertarako? norentzako?), eta garapenari loturikoak (nola? nortzuk?). Zer eta nola bereziki dira aipatzekoak:
Zer: antolatzen dugun horrek zer elikatzen duen (ze hizkuntza, ze kultura, ze aisia eta heziketa mota, ze balio, ze herrigintza eredu, ze saretze maila).
Nola: egiten dugun horren oinarriak demokratikoak, berdintasunezkoak, parte hartzaileak eta irekiak diren edo ez. Egin ahala, sortu eta diseinatu ahala, baloratzen eta balioztatzen joan behar den ekimena izan behar du nahita ez. Hala ere, prozesuaren garrantziak, ezin du lorpenik edo egitasmo zehatzik jomugan ez izatea ekarri behar.
Pingback-a: Azatzak 65: Oarsoaldeko Irrien Lagunak - Garaigoikoa